viernes, 19 de febrero de 2010

Oroitzapenak ahaztu ahal badira, etorkizuna gogoratu dadila…

Haur Hezkuntzan hasi ginenean, munduaz genuen ezagutza oso mugatua bazen ere, sormenari ateak zabalduta geunden eta gure esku- txikiekin sekulako arte lanak burutzen genituen. Garai hartan, irakasleak ez zuen horrenbeste gidatzen eta emaitzak ez zuen horrenbesteko garrantzirik, baizik eta ongi pasatzea lortu nahi genuen, irudimenari ahalik eta etekinik handiena atereaz.

Etapa hartan oraindik ezer gutxi genekien egiten genituen ekintza haiek zenbaterainoko garrantzia zutenaz: plastilinazko egiturak, marrazkiak, gometxekin egindako zirriborroak, pinturekin egindako horma irudiak, egurrezko blokeekin egindako “eraikuntzak” …

Hala ere, denborak aurrera egin ahala, eta Lehen Hezkuntzan sartu ginen heinean, irakasleak ipinitako jarraibideak geroz eta garrantzia handiagoa hartzen joan ziren eta azken emaitzari ematen zitzaion garrantzirik handiena. Izan ere, zenbat eta marrazki “dotoreagoa” egin, orduan eta nota hobea izango genuen bai plastikan, bai marrazketan, baita artisautza, zeramika edo teknologia ikasgaietan. Adin hauetan egiten genituen sormenezko lanek geroz eta aportazio pertsonal gutxiago zuten eta irakasleak eredutzat ipinitakoaren antzik handiena izatea zen helburua.

Jarraian DBH-ra igaro ginen eta hemen bakoitzaren esperientzia oso desberdina izan zen, batzuek marrazketa zuten sormena lantzeko ikasgai bakarra eta beste batzuek artisautza hautazko gisan hartzeko aukera izan zuten. Aukera hauen arabera, esperientziak oso bestelakoak izan ziren; batzuei berriro ere irudimena eta norberaren ideiak lantzeko aukera gisan aurkeztu zitzaien eta berriro ere ateak zabaldu ziren. Beste batzuentzat ordea, lan gogorra izan zen sorkuntza araututik norberaren irudimena ekoiztera igarotzea. Beraz, oztopo ugari izan ziren norberaren irudimenean oinarriturikoa produzitzeko.

Batxilergoan guztiok dugun esperientzia oso antzekoa da. Hezkuntza arautuan jada sormenak eta ekoizpen artistikoak ez du inongo tokirik hartzen eta beraz, bertan behera gelditu ziren horrenbeste urtetan egindako ahaleginak.

Orain ordea, unibertsitatera heldu gara guztiok, bakoitzak bere ibilbidea atzean duelarik, eta berriro ere sormena, irudimena eta arte adierazpenak lantzeko aukera etorri zaigu esku- artera. Bitarte honetan, bakoitzak gutxi ego gehiago landu ahal izan du alor hau bizitzako esparru desberdinetan, batzuk dantzan, besteak abesten, beste batzuk euren kabuz eskulanak edota arte adierazpen desberdinak eginaz, bideoak ekoitziz …. Eta guztion ezagutza, jakinduria eta esperientzia batuz ikasgai honetan ahalik eta gehien ikastea eta gure ezagutzak elkar- banatzea dugu helburutzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario