martes, 23 de febrero de 2010

"¿Qué está pasando" artikuluaz

Fernando Hernandez-en artikulua irakurri ondoren, irakaslearen eginbeharrak, formazio egokia… izan beharko litzatekeenari buruzko hausnarketa bat egitera eraman gaitu.

Testu honetan irakasleen prestaketari buruz hitz egiten da. Irakasleen prestakuntzan bi parte bereizten dira: hasierako ikaskuntza, unibertsitatean burutzen dena eta irakasleak prestatzea helburu duena; eta ikaskuntza jarraitua, irakasleen prestakuntza hobetzea eta gizartean gertatzen diren aldaketetara egokitzea helburu duena. Biak dira oso garrantzitsuak irakasle bat prestatzeko eta bere lana egoki buru ahal izateko.

Artikuluan aipatzen den bezala, egia da, irakasleek askotan agintera erabiltzeko ohitura daukatela. Bat nator, agintera horren erabilerarekin ez dela haurraren motibazioa lortzen eta agintera erabiltzea arau bat ezartzea bezala dela, eta haurrek bide hori jarraitu besterik ez dute. Beraz, nik uste askoz ere hobeto izango zela haurrei bidea eginda eman beharrean eurek eraikitzea euren bidea, betiere jakinik irakaslea hor izango dutela edozein zalantza argitzeko edota laguntza behar dutelarik. Izan ere, irakaslea ez da egi absolutua duena eta haurra tabula rasa bat. Haurrek ere badute euren pentsatzeko gaitasuna eta euren bidea eraikitzeko gaitasuna ere.

Irakaslea bestalde, guraso askok pentsatu arren, ez da haurren hezkuntzaren arduradun bakarra. Egia da, irakasleak zeresan handia duela haurren hezkuntzan, baina gurasoen ardura ere bada, etxean, euren seme-alaba heztea. Egun, irakasleek haurren hezkuntzan ardura handia izaten dute, guraso batzuk pentsatzen baitute, irakaslearen lana dela hori.

Askotan irakasleen prestakuntzaz hitz egiten denean gero haur edo lehen hezkuntzako irakasleek jasotzen duten ikasketaz hitz egiten da. Eta hau oso garrantzitsua da. Izan ere, hogei haurreko ikasgela batean sartzean honi nola aurre egin jakin behar du irakasleak, zer egin une bakoitzean, nola irakatsi gauza desberdinak, zer egin arazo desberdinen aurrean,… Baina ahaztu egiten zaigu hauen prestakuntza bezain garrantzitsua izanen dela irakasle hauek prestatzeaz arduratuko diren unibertsitateko irakasleen prestakuntza. Izan ere, irakasleek prestakuntza on bat izateko beraien irakasleen prestakuntza ere oso garrantzitsua izanen da. Eta honi ematen zaion garrantzia ez da horren handia.

Unibertsitatean izan dudan ibilbide honetan oso irakasle honekin topatu naiz, gauza asko eskaini eta irakatsi dizkidaten irakasleak. Beraien irakasteko era oso eraginkorra izan da eta nire prestakuntza hobetzea lortu dute. Baina izan dira irakasle batzuk ez didatenak ezer irakatsi. Ez dute irakasteko modu egoki bat izan eta ez didate ezer berririk eskaini. Horregatik, unibertsitate irakasleen jakintza eta metodologia oso garrantzitsua dela uste dut irakasleek prestakuntza on bat lortu dezaten.

Baina hasierako prestaketa bezain garrantzitsua da prestakuntza jarraitua. Irakasle askok uste dute ikasgela batera sartzean beraien prestakuntza amaitu dela eta dakitena nahikoa dela. Baina hori ez da horrela. Aldaketa azkar eta etengabeak ematen diren gizarte honetan ikaskuntza jarraitua oso garrantzitsua izanen da. Irakasleek prestakuntza osagarria behar izanen dute beraien prestakuntza hobetu eta ikasgelan lan egiteko modua hobetzeko. Baina horretarako, ikaskuntza jarraitu honekin ados egon behar da eta modu aktibo batean parte hartu.

viernes, 19 de febrero de 2010

Oroitzapenak ahaztu ahal badira, etorkizuna gogoratu dadila…

Haur Hezkuntzan hasi ginenean, munduaz genuen ezagutza oso mugatua bazen ere, sormenari ateak zabalduta geunden eta gure esku- txikiekin sekulako arte lanak burutzen genituen. Garai hartan, irakasleak ez zuen horrenbeste gidatzen eta emaitzak ez zuen horrenbesteko garrantzirik, baizik eta ongi pasatzea lortu nahi genuen, irudimenari ahalik eta etekinik handiena atereaz.

Etapa hartan oraindik ezer gutxi genekien egiten genituen ekintza haiek zenbaterainoko garrantzia zutenaz: plastilinazko egiturak, marrazkiak, gometxekin egindako zirriborroak, pinturekin egindako horma irudiak, egurrezko blokeekin egindako “eraikuntzak” …

Hala ere, denborak aurrera egin ahala, eta Lehen Hezkuntzan sartu ginen heinean, irakasleak ipinitako jarraibideak geroz eta garrantzia handiagoa hartzen joan ziren eta azken emaitzari ematen zitzaion garrantzirik handiena. Izan ere, zenbat eta marrazki “dotoreagoa” egin, orduan eta nota hobea izango genuen bai plastikan, bai marrazketan, baita artisautza, zeramika edo teknologia ikasgaietan. Adin hauetan egiten genituen sormenezko lanek geroz eta aportazio pertsonal gutxiago zuten eta irakasleak eredutzat ipinitakoaren antzik handiena izatea zen helburua.

Jarraian DBH-ra igaro ginen eta hemen bakoitzaren esperientzia oso desberdina izan zen, batzuek marrazketa zuten sormena lantzeko ikasgai bakarra eta beste batzuek artisautza hautazko gisan hartzeko aukera izan zuten. Aukera hauen arabera, esperientziak oso bestelakoak izan ziren; batzuei berriro ere irudimena eta norberaren ideiak lantzeko aukera gisan aurkeztu zitzaien eta berriro ere ateak zabaldu ziren. Beste batzuentzat ordea, lan gogorra izan zen sorkuntza araututik norberaren irudimena ekoiztera igarotzea. Beraz, oztopo ugari izan ziren norberaren irudimenean oinarriturikoa produzitzeko.

Batxilergoan guztiok dugun esperientzia oso antzekoa da. Hezkuntza arautuan jada sormenak eta ekoizpen artistikoak ez du inongo tokirik hartzen eta beraz, bertan behera gelditu ziren horrenbeste urtetan egindako ahaleginak.

Orain ordea, unibertsitatera heldu gara guztiok, bakoitzak bere ibilbidea atzean duelarik, eta berriro ere sormena, irudimena eta arte adierazpenak lantzeko aukera etorri zaigu esku- artera. Bitarte honetan, bakoitzak gutxi ego gehiago landu ahal izan du alor hau bizitzako esparru desberdinetan, batzuk dantzan, besteak abesten, beste batzuk euren kabuz eskulanak edota arte adierazpen desberdinak eginaz, bideoak ekoitziz …. Eta guztion ezagutza, jakinduria eta esperientzia batuz ikasgai honetan ahalik eta gehien ikastea eta gure ezagutzak elkar- banatzea dugu helburutzat.

Sormenaren inguruko bideoari buruzko gogoeta

Ikasgai izan dugun bideo hau hezkuntzari eta sormenari buruzkoa izan da eta bertan gaur egungo hezkuntza sistemaren berri ematen digu. Sormenaz asko hitz egiten bada ere geroz eta garrantzia txikiago ematen zaio hezkuntza sisteman. Baina mundu osoko hezkuntza sistemetan garrantzia handiago ematen zaie matematika eta hizkuntza bezalako irakasgaiei eta musika eta plastika bezalako irakasgaia, non irudimenak eta bakoitzaren espresioak garrantzia handia hartzen duten, bigarren maila batean geratzen dira eta beraien garrantzia eta presentzia aurrera joan ahala galduz joaten dira.

Gainera, irakasgai hauetan ere, adinean aurrera egin ahala teoriari garrantzia gehiago ematen zaio praktikari eta sormenari baino eta musikaren historia, artearen historia,… bezalako gaiak ematen dira.

Hizlariak aipaturiko adibide batek gure arreta bereziki erakarri du: TDA- H (Transtorno del Deficit de Atencion con Hiperactividad) duen haur baten kasua kontatzean, argi eta garbi uzten du, sormenak leku gehiago izango balu ikasgelan, haur horrek sekulako adimena eta bokazioa erakutsiko lukeela erritmoa edo dantza lantzeko garaian. Hala ere, egungo hezkuntza eredu guztiz estatikoa eta orri gainekoa denez, ez du lekurik topatzen ikasgelan.

Haur guztiak sormenarekin jaiotzen dira baina hezkuntza sisteman sartzean pixkanaka beren sormena murrizten joaten da ez baitzaio behar duen lekua ematen. Hezkuntza helburuak betetzeari ematen zaio garrantzia eta gainontzeko guztia alde batera uzten da. Gizarte lehiakor eta indibidualista batean bizi garenez, haurrak gizarte horren parte izateko prestatu behar dira. Horregatik prestakuntza intelektualari garrantzia handiagoa ematen zaio eta beren sormenaren garrantzia gutxituz joaten da. Haurrek ikusten dute sormenak ez diela ezertarako balio eta honen erabilera alde batera uzten joaten dira.

Denborarekin ariketa guztiak gidatuak izanen dira eta sormena ez dute ia ezertarako erabiliko. Horrela sormen handia duen baina eskola edukietan arazoak dituen ikaslea tuntuntzat hartuko da eta ezertarako balio ez duela usteko da. Haur hauek ez dute arriskatuko ezertan eta beraien sormena pixkanaka-pixkanaka gutxituz joanen da. Mekanikoki lan egiten ikasiko dute, makinek bazela.

Eta gero berriro ere sormen lanak egitea egokitzen zaienean ez dira ausartuko ezer egitera beldur izanen baitira huts egiteko. Eta geroz eta nabarmenagoa da hau eta gure hezkuntza sisteman ere antzeman daiteke. Eta sormena beharrezkoa da gizartean aurrera egiteko. Aurrerapenak egiteko gauza berriak sortu behar dira eta sormenik ez badago ezta ezer berririk sortuko. Gure gizartearen etorkizuna sormenean dago. Zergatik moztu hegalak irudimenaz hegan egina nahi duen uso gazteari eta etxe uso zintzoa bihurtzera behartu?

viernes, 12 de febrero de 2010

Ezjakintasunetik artearen hatzaparretara

Gure ustetan plastika adierazpena oso garrantzitsua da Haur Hezkuntza, baita eskolaratze aldi osoan ere, eta azken finean, bizitza osoan zehar. Hori dela eta, ikasgai honekiko interes eta motibazio handiak ditugu. Izan ere, gizakiok sormena, artea eta irudimena behar ditugu bizirauteko; eta ikasgai honen bitartez haurrekin alor hau lantzeko jarraibide batzuk ikasteko aukera izatea espero dugu.

Hala eta guztiz, ikasgaiaren lehen egunean harrituta gelditu ginen; normalean, plastika entzutean eskulanak, manipulazioa, marrazketa … modukoak etortzen zaizkigu burura. Beharbada, okerreko aurre- iritziak genituen gai honekiko, eta txundituta gelditu ginen ikusitakoarekin.

Honekin lotuta, gure usteen aurkako antolaketa den arren, plastika adierazpenaz beste ikuspuntu bat izateko egokiera izango dugu. Honela, esanahia zabalduko diogu alor honi, autore desberdinen artikuluak, iritziak, gogoetak eta hausnarketak jakin ahal izango ditugularik.

Bestetik, oso aproposa iruditzen zaigu ikasgaia eta bere edukiak on- line izatea;izan ere, lau- hilekoan zehar emango ditugun eduki guztiak bertan ditu nahi dugunean ikusteko.

Gainera, talde bezala iritzi bat dugu baina beste gelakideek euren iritziak plazaratuko dituztenez, geurea ere hobetu edo aberastu dezakegu. Eta bestalde, hirugarren mailako ikasleak gure tutore izango direnez hainbat jardueretan, euren esperientziak elkar- banatu eta gehiago ikasi ahal izango dugu.

Amaitzeko, asko gustatu zaigu Koldo Mitxelenara eta Artelekura irteera pare bat egitea, arteaz ditugun ezagutza apurrak zabaltzeko asmoz.

Ea bada gure itxaropenak betetzerik dugun eta orain bezain gogotsu amaitzen dugun ikasturte bukaeran.